Prentsaurrea. Nemesio Bikandiri omenaldi ekitaldia eta kontzertua.
Gaur, 2024ko azaroak 4, aurkeztu dugu Nemesio Bikandiri larunbatean –hilak 9– egingo diogun omenaldiaren egitaraua. Ainhoa Salterainek (herriko alkateak) eta Aritz Labradorrek (Zornotzako Musika Bandako zuzendariak) argi utzi dute Bikandi herriko seme esanguratsua izan dela eta bere bizitzan zehar bertako kulturagatik eta bandagatik eskeinitako dedikazioa eskertu dute. Larunbatean 11:45ean hasita kioskoan jardungo da Banda José Francoren "Camino de Rosas" pasodoble doinuarekin, orain dela 70 urte bertantxe jo zen bezalaxe. Ondoren martxan joango da taldea Nemesio Bikandi kalera arte. Bertan hitz batzuk elkarbanatuko ditu alkateak, familiak eta bandako zuzendariak eta jarraian, Maite zortziko famatuaren doinuarekin, 1954an kalea izendatu eta esleitu zioten eguneko argazkia errepikatuko dugu. Iluntzean, aldiz, kontzertu osoa eskeiniko dugu Zornotza Aretoan 20:00 geroztik. Programa klasikoa entzungai: pasodoble-, zartzuela- eta dantza-doinuak desagertutako banda historikoaren musikari ohien eta Nemesio Bikandiren familiaren partaidetzarekin. Herritarrak gonbidatuta musikari honen omenaldia bizitzeko.